Skip to content Skip to main navigation Skip to footer

VIRGINIA DIAZ BASQUE TEAMEKO ARRAULARIAK DIPLOMA LORTU DU TOKION

Virginia Díaz Basque Teameko arraunlariak diploma lortu du Tokioko Jokoetan

Diaz eta Ciden lemazainik gabeko bikoak seigarren postuan bukatu du finala
 Tokio, 2021eko uztailaren 29a. Atzo Sea Forest Waterwayn egindako finalerdi onaren ostean, podium olinpikoan sartzeko ametsa egi bihur zitekeela zirudien. Atzoko txandan Virginiak eta Ainak hobetu zuten estropadak aurrera egin ahala, hitzordu handietan egin ohi duten bezala, baina gaurko final handian ez dute indar nahikorik izan markagailua iraultzeko.

“Saiatu gara eta horretarako lan egin dugu, baina gaur ez da eguna izan. Ohituta gaude hobera egiten, baina gaur ez da atera, ez da beti irteten” onartu dio Areetan bizi den arraunlariak Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Prendergast eta Gowler, Zeelanda Berriko bikoteak hasieratik ez du azeleragailua zapaldu, azken 500 metroetarako erreserbatuz, baina Filmer eta Janssens kanadarrak erritmo bizian hasi dira, Kyridou eta Bourmpou greziarrekin eta Glover eta Swann britainiarrekin batera. Diazen eta Ciden ontzia seigarren postuan zihoan, eta bertan jarraitu du estropada amaitu arte, emaitza hobetzeko aukerarik gabe. Goiko postuetan Zelanda Berriak ez du barkatu eta 6:50.19ko denborarekin helmugaratu da, Errusiako Olinpiar Batzordea (+1.26), Kanada (+1.91), Britainia Handia (+4.77), Grezia (+6.92) eta Espainia (9.86) atzetik izan dituela.

Japoniak azken egunetan astindu duen tifoiak finalerdia egun bat atzeratzera behartu zuen, beraz, arraunlariek ez dute atseden egunik izan, eta Virginiak onartu du agian fisikoak ere eragina izan duela. Horrez gain, esan du aintzat hartzeko bi faktore daudela: alboko haizea sufritu dutela eta seigarren kaletik arraun egin behar izan dutela.

“Final honen bila gentozen eta ez genuen ezer baztertzen. Zapore arraroa geratzen zaigu gorago ez egoteagatik, baina lan ona egin dugu eta egunak igaro ostean gehiago baloratuko dugu” azpimarratu du Basque Teameko arraunlariak.

Epe laburrean Virginiak atseden hartu eta bere lehen parte-hartze olinpikoari buruz hausnartu nahi du lanera itzuli aurretik. 

Virginia Diazen profila
Kirola: Arraunketa olinpikoa

Astillero (Getxo), 1991-08-15

Virginia Diazek ez zuen pentsatzen arraunak hainbesteko garrantzirik izango zuenik bere bizitzan. Kasualidadez hasi zen kirol honetan, Astilleroko entrenatzaile bat eskoletara joaten zelako probak egiten.  Virginiak proba egin zuen eta arraunak harrapatu zuen aurretiaz egindako igeriketak, saskibaloiak edo beste kirol batzuek baino gehiago.

Virginiak talentua eta diziplina bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean aritzen den arraunlari honek banku mugikorrean maila gorenera iristeko urte asko daramatza prestaketa-lanetan. Bere gaitasunei esker estatuko selekzioak deitu egin du 15 urte zituenetik. Are gehiago, beste esparru batzuetan, eroso sentitzen den eremutik kanpo, nazioarteko mailan  arrakasta lortzea zer den badaki, Estatu Batuetan unibertsitateetako txapelduna izan baitzen.  

2015. urtearen hasieran bost hilabete egin zituen Miamin ikasketetan lortutako beka bati esker eta han Floridako unibertsitatearekin estau mailako titulua erdietsi zuen 8+ modalitatean. Barry Universityn egindako egonaldian Philadelphiako eta Sacramentoko beste proba batzuetan ere parte hartu zuen. 

Tokioko Jokoei begira modalitatea aldatu du eta orain Aina Cidekin batera egiten du arraun, lemazainik gabeko biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dute egoera berrira moldatzeko baina maiatzeko Lucernako Europako txapelketan argi geratu da lortu dutela, urrezko domina irabazi baitute, estropada bukaera ikusgarria eginda gainera.

Ottensheim-Linzen jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela eman zion.

Virginia erizaina da eta orain Euskal Herriko Unibertsitatean egiten dituen medikuntzako ikasketak goi mailako kirol praktikarekin uztartzen ditu.

Emaitza nabarmenak W2- ontziarekin
2019
Europako txapelketa, 1goa 
Munduko txapelketa, 5.
Munduko Kopa I, 6.
Munduko Kopa III, 5.
2020
Europako txapelketa, 2. 
2021
Europako txapelketa, 3.
Munduko Kopa II, 1goa