Skip to content Skip to main navigation Skip to footer

Espainiako Batel Txapelketa Gipuzkoara itzuli da 32 urte geroago

2022ko Espainiako Batel Txapelketa datorren asteburuan (apirilak 30 – Maiatzak 1) jokatuko da Pasaian.

Atzo aurkeztu zen 2022ko Espainiako Batel Txapelketa Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkartean. Bertan parte hartu zuten: Harkaitz Millan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua; Lore Suarez, Pasaiako Udaleko lehenengo Alkateordea eta Kirol Zinegotzia; Asunción Loriente, Espainiako Arraun Federazioko presidentea; Imanol Garmendia, Euskadiko Arraun Federazioko presidentea eta Elias Arruebarrena, Gipuzkoako Arraun Federazioko presidentea.

Txapelketan 400 kirolarik hartuko dute parte, 80 ontzitan banatuta, erdiak emakumez osatuak.

Arruebarrenak bere poza adierazi du maila nazionaleko txapelketa bat Gipuzkoako uretara itzuli delako. Esan duenez, “Espainiako txapelketa bat etxean izateak erraztu egiten dizkigu

logistika-lanak”.

Millanek eskerrak eman dizkie hiru federazioei Espainiako Batel Txapelketa Pasaiako uretan egiteko denbora gutxian egin duten lanagatik. Gainera, aipatu du txapelketa honen ospakizuna bat datorrela Aldundiko Kultura eta Kirol Sailetik bultzatzen ari den politikarekin: “Gipuzkoako Kirol diziplina ezberdinek Gipuzkoan bertan kategoria gorenetako txapelketetan parte hartzeko aukera izatea”.

Suarezek azpimarratu du Pasaia dela arraunaren sorlekua eta, beraz, oso polita dela txapelketa hau Pasaiako Badiako uretan egitea. Gainera, azpimarratu du oso garrantzitsua dela horrelako txapelketak etxean egitea, batez ere harrobiko arraunlarien ilusioa sustatzen jarraitu ahal izateko.

Lorientek azpimarratu du oso urrats handia izan dela Pasaiara itzultzea 32 urteren ondoren, eta nola ez “batel txapelketarekin, Pasaia baita batelarien lekua”.

Garmendiak onartu du lan nekeza izan dela hilabete hauetan, eta eskertzekoa dela erakundeen inplikazioa txapelketa hau Pasaiara ekartzea ahalbidetu duelako. “Egia esan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Udalak laguntza paregabea eman digute”, esan du Garmendiak.

Boluntario guztien lan handia nabarmendu nahi izan du: “Lana aurrera doa, bihar hasiko dira klubak iristen, eta dena antolatu behar da: entrenamenduak, balizajeak, etab.”. Lorientek adierazi du erraza izan dela Euskadiko Arraun Federazioko kideekin lan egitea. “Oso bazkide onak dira, eta haiekin lanean jarraituko dugu, zalantzarik gabe”.

Larunbatean, apirilaren 30ean, 10: 30etik aurrera sailkapen-txanda izango da, eta maiatzaren 1ean, igandean, B (10: 00etatik aurrera) eta A (11: 30etik aurrera) finalak. Finalak streaming bidez emango dira Espainiako Arraun Federazioaren webgunetik.

Antolatzaileek arraunaren jarraitzaile asko espero dituzte. “Eguraldia lagun izango dugu, beraz, jendea animatu nahi dut Pasaiara etor dadin estropada ikustera” esan du Garmendiak eta “asteburu honetan Pasaiako giroa apartekoa izango da” gaineratu du Arruebarrenak.